Udalak esku artean duen proiektu honek  hiru ardatz nagusi ditu: mugimendu sozialak, udala eta binomio publiko-soziala; herrigintza indartzea du jomugan egitasmo honek, ikuspegi komunitario batetik. Eta proiektua forma hartzen joan dadin Oñatiko Udala lehen unetik  hainbat elkarte eta talderekin harremanetan jarri da kontraste bila.

2021eko udaberrian eginda dira kontraste tailerrak eta Udalari gaian laguntza ematen dion Nommad aholkularitzako dinamizatzaileetako baten hitzetan “bulegoan zirriborratutako planteamendua balidatzeko tresna izan dira”. Horretarako, Oñatiko ehun-sozialaren lagin txiki bat izan zen deitua, proposamenak izan zezakeen harrera neurtu eta indargune zein ahuleziak identifikatzeko.

Orotara 2 tailer izan dira eta bakoitzean 12 bat lagun izan dira. Askotarikoa izan da parte hartzea eta Udaleko ordezkariak oso eskertuta daude. Euren hitzetan “egitasmoa lurreratu  eta aurrera begirako urratsei forma emateko oso ekarpen baliotsuak egin dituzte”.

Proiektua hau Udaleko Partaidetza eta Garapen Komunitarioko arloaren gidaritzatik datorren arren, udaleko hainbat departamenturekin ere partekatu da, horien begirada ere txertatzeko.

Garai zaila gainditzeko parada

Pandemia hasi zenetik etapa konplikatua izan da herri eragileentzako, aipatu tailerretan hainbatetan errepikatu dena. Hori baino lehen ere, gora beherekin aurkitzen ziren elkarte asko. Orohar, parte hartzea asko jaitsi dela eta eragileak ahul sentitu direla adierazi dute, bakoitza bere eremura mugatuz eta besteekin harreman handirik garatu gabe.

Hori dela eta, proiektua aukera gisa ikusten dute elkar konektatzeko eta kolektibotasunetik eragiteko. Izan ere, egitasmo honetan protagonismoa ehun sozialarena izango da eta Oñatiko udalak bere bitartekoak eskura jarriko dizkio, betiere ehun sozialaren gaitasuna, lidergotza eta autonomia errespetatuz.